XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Handik lasterrera, jaitsi zen olagizon handiki hori igonda zegoen mahaitik eta bere ola martxan botateko, antaparako uhatea zabaldu zuen ur-indarra joan zekion olari.

Baina ur hori joaten haziaz batera, krissst-krausssst!, zarata berezi bat entzun zen eta olak zirkinik be ez!

Bigarrenez ere egin eta berdin!

Olagizon handikia ez zen ausartzen irugarren intentoa egiten.

Zuri-zuri zegoen, kolorga, zer pentsatu ez zekiela herritar guztien berbaroaren erdian.

Berbalotsa ez zen falta ez herritarren artean eta apur bat ixildu zenean gentea, badinotso handik atze partetik beste olagizon apal eta zintzo batek:

- Hi, hor eure burua apurtzen egon beharrean, zergatik ez hoa Gorbeia ondoko Supilaur kobara eta Mari Anbotokoari kontsulta eskatu.

Inork esatekotan, harexek esango dik zer arraio gertatzen zaion ola berri honi!

- Ba, mutil, erantzun zion olagizon handikiak, hori baino ez baduk joan egingo natzaiok lehen bait lehen eta beren beregi joan be gainera.

Asmo horrekin etxeratu zen ha olagizon handikia beste guztiak, harriturik, euren etxeetara zihoazten bitartean.

Gau luzeak asko igaro zituen, baina ez halakorik.

Inondik eta inora be ezin zuen loak hartu.

Kanpandorreko erlojuko ordu laurden, erdi eta oso guztiak entzun zituen gauaro larri haretan.

Hurrengo goizean, tertzioz jagi, barausi, hartu zakuto baten biderako jakia, jantzi mendirako soineko eta oinetakoak, aitearen egin etxetik urtekeran eta Gorbeiako bidea hartu zuen.

Bazihoan Supilaur kobarantz, arin joan be, inori berbarik egiteko intzigu eta adore handi barik.

Mendian gora zela, hainbat artzain, mandazain, egurgin, ikazgin eta gainetiko ikusten zuen ikusi be baina ez zegoen berbagura olagizon handiki hori, harik eta bere barruko ardura kendu arte.

Joan eta joan, halako baten heldu zen Supelegorreko kobaren atakara.

Barrura sartu orduko, atseden piti bat hartu zuen, izerdia sikatu eta arnasestua kentzeko.

Nasaitu zenean, zutundu eta astiro-astiro sartu zen sartu be Supelegorreko koba nagusi eta ikaragarrira.

Ikaraturik zegoen hango harri landuzko mahaiak, urregorrizko tresnak eta apaingarri guztiak ikustean.

Bazter guztietara adi zihoan koba-zuloan barrurantz eta halako baten, handik sakonetik, berba hauek entzun zituen:

- Nor dabil hor?